2013(e)ko urriaren 19(a), larunbata

Beronikarekin kalakan:


Lan hau egin behar nuela jakin nuenean, ez nekien nondik hasi, izan ere, nire bizitzan zehar ikastetxe eta irakasle desberdin asko izan ditut. Azkenean, nire txikitako irakasle batengana joatea erabaki nuen, Senpereko ikastolako Beronika irakaslea, hain zuzen ere. Hiru urtetatik hamar urteak arte berarekin egon nintzen eta oroitzapen oso onak gordetzen ditut.
 
Elkarrizketa egin aurretik, berarekin kontaktatu eta hitz egin nahi nuenez, ostiral batez ikastolara joan nintzen. Ailegatu eta inork ez ninduen ezagutu, alta, bai Beronika, bai Argitxu baita Maialen ere, nire txikitako hiru irakasleak, han zeuden. Aurkeztu nintzenean, harrituta gelditu ziren,  13 urte pasatuak ziren eta! Hala ere, lauen partetik poztasun handia sentitu eta hizketan hasi ginen. Lana zeri buruz izanen zen aipatu nion Beronikari eta hurrengo asterako gelditu ginen. 

Ondoko ostiralean, gogotsu itzuli nintzen Senperera. Beronikak ere astean zehar galderetan pentsatu eta papertxo batean elkarrizketaren nondik norakoa idatzia zeukan. Etxeko lanak eginda!  Grabatzen hasi aurretik, nire eta bere bizitzaz ordu pare batez hitz egiten egon ginen konfidantza osoz, aspaldiko bi lagunen gisan. Bien partetik nabaria zen iraganean izandako harreman estua, eta egia erran, oso gustura egon ginen. Oso irakasle hurbila izan nuenez, aberasgarria izan zen bere gauza askori buruzko iritzia entzutea. 

Aipatu zizkidan gauza guztietatik, hauek azpimarratuko ditut:

  • Nire oroitzapen dezente zituen eta anekdota pare bat ere bururatu zitzaizkion.

  • Arazorik handienak ez zaizkio irakaskuntza pedagogikoan sortu, baizik eta haurrekin izandako eguneroko elkarbizitzan edota  gurasoekin sortzen diren gatazketan.

  •  Haurrei zure buruarekiko duzun segurtasuna transmititzea oso garrantzitsua da. Are gehiago, arazo baten aurrean modu onean erreakzionatu eta momentuan hartutako erabakiak kontrolatzea funtsezkoa da.

  • Maila bakoitzean, haur gutxi dagoenez, ikasgelak hiru urte desberdinetako ikaslez osatuta daude. Hau altxor bat dela azpimarratzen du. Dena den, gela hauek kudeatzeko irakasleak prestakuntza handiagoa behar du.  
  • Euskararen aldetik, adibidez, arazo gehiago ikusten ditu Beronikak. Bere hitzetan, ni han egon nintzenetik, maila nabarmenki jaitsi da eta, gainera, jolastorduetan ere haurrek frantsesez hitz egiteko joera dute. Honek, kezka handiak sortzen dizkio. 

Ondorio gisa, nire ustez, irakasle batek urte asko jardun behar ditu irakaskuntzan arazoei segurtasunez aurre egiteko. Umeek egunero ikasteko aukera ematen digute, honela, trabak gainditu eta aurrera pausoak emateko.

1 iruzkin:

  1. Orduetako lana gero! Eta gustura egin duzu(e)la esango nuke
    Zuk idatzi duzunari begiratuta, hurrengo lerroetan eskatzen dizudan lana bideratzen hasia duzula begitantzen zait.
    - - -
    Oraintxe arte denei erantzun diet pertsonalki eurena irakurrita, baina orain askok batera idatzi duzuenez, kafea denentzat:
    Lanaren hurrengo zatiak hiru pausu ditu:
    1) Egin zerrenda bat ikasi dituzuen gauzekin;
    2) zerrenda horren sailkapena egin
    3) Sailik sail berriro irakurri, ea ideia gehiago badatozkizun.
    Hori datorren martitzenean erabiliko dugu.

    ErantzunEzabatu